Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
4.4. Hiru urte baino gutxiagoko haurrak
4.4. Hiru urte baino gutxiagoko haurrak
BIDEGAIN elkarteak, garapenari lotutako ezgaitasunetan haurren arreta goiztiarra sustatzen duenak eta Bizkaiko Foru Aldundiak haurren arreta goiztiarreko programak garatzeko egokitasun-ziurtagiria eman dionak, haur jaioberri goiztiarrei eta kritikoki gaixo daudenei laguntzen die, eta haur-garapenean gaixo batzuek izandako ondorioez arduratzen da.
Mendekotasun-egoeran dauden haurren arretaren inguruan sortzen diren zalantza ugariak jakinarazten zizkigun batez ere. Profesionalek planteatzen zuten zer informazio eman behar zitzaien familiei eta familiek ez zekiten lege berriak benetan zer inpaktu zuen pisu txikiarekin jaiotako haurren artean, urritasuna aitortzeko eskatzea beharrezkoa al zen AMALen zerbitzuak eta prestazioak izateko, zer baldintzatan izango zuten esku-hartzeko programa goiztiar bat jasotzeko eskubidea, zer zen behar bereziak zituen haur bat edo nork definituko zituen haur baten eta bere familiaren beharrak.
Hori dela eta, ofiziozko espediente bat egiten hasi ginen, eta horren berri ematen dugu 5.14.2. eta 3.12.0. ataletan. Espediente hori mendekotasun prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuei buruzkoa da.
APREVAS elkarteak, haur goiztiarren, eta batez ere goiztiar handien (15 gramo baino gutxiagoko haurrak) familiei laguntzeko eta informatzeko helburu nagusia duenak, ezinbestekotzat jotzen du gizartea haurtxo horien beharren inguruan sentsibilizatzea. APREVASen ustez, amatasunaren atzeratzea, ugalkortasun tratamenduak, bizitzaren aldaketak eta abar direla eta, gero eta haur goiztiar gehiago jaiotzen dira. Osasungintzan izandako hobekuntzek haurtxo horien bideragarritasunaren alde egin dutela jakinda, laguntza profesional gaitua (psikologoak, fisioterapeutak, logopedak...) eskatzen dute haurtxo horien lehen urteetan, ondo hazteko aukera izan dezaten. Halaber, eskatzen dute familiei orain ematen zaiena baino arreta psikologiko handiagoa ematea, bai eta gizarte- eta ekonomia-laguntza bat ere, "ospitaleratzeak sarritan luzeak eta konplexuak izaten baitira".
Diotenez, unitateek, gehienetan, langile gehiago behar dituzte, eta txikiak eta zaharkituak geratu dira, haurrei eta familiei beste ospitale batzuetan lanean erabiltzen dituzten aurrerapen berriak eskaini ahal izateko (kanguru metodoa, gurasoen inplikazio handiagoa haur horien zainketan, etab.).
Profesionalen, gurasoen eta ospitaleen lankidetzaren bidez, haur horien baldintzak hobe daitezkeela uste dute.
Bizkaian lege berria haur goiztiarren taldeari aplikatzeko denbora asko behar izan digutela jakinarazten digute, baina une horretan ez dutela inolako kexarik erregistratu. Hobekuntza-proposamen gisa proposatzen dute prozesu horietan eman beharreko urrats guztien jarraibide argiak eta zehatzak sortzea, eta familiei neonatologiako unitateetan jarraibide horiek ematea.